XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Patioan, aitzitik, espekulazioak indar egin zuen eta ia egunero nagusitzen zen bertsio ezberdinen bat: ama superiora probintzialaren gelari eraman omen zutela; presoekiko konfiantza gehiegizkoak beharturik trasladatu omen zutela...

Halere, zenbaiten ustetan bere irudiarekin erraz asozia zitekeen bertsio abrakadabrante, lazgarri eta morboso bat gailendu zen, espetxeko populazioan lur apatzean itsatsi zena:

- Sor Pastora botila batekin masturbatzen zuan bota zuen pelaje gaiztoko beterano fantotxe batek, zioena aldi berean parodiatzen zuelarik-.

Botilak bentosa egin zioan bagina barruan eta laguntza eskatu behar izan zian, oihuka, eta hautsi ondoren bakarrik erauzi ahal izan ziotean minik gabe.

Horregatik trasladatu ditek.

Infundio lotsagabea zabaldu zuenak, bere burua aintza eta loriaz jantzi zuela usteko zuen.

Kartzelako elementu batzuek obsesio paranoidea sentitzen dute presozainen bizkar trufatzeko.

Apaizen liskarrak deabruaren jaiak omen diren bezalaxe dira kartzelarien nahigabe eta zorigaitzak presoen bozkario.

Masturbazioaren teoria honetxek, hain zuzen ere, ase zuen preso askoren -baina ez denen- jakinmina, teoria honetxek eman zion amaiera asmakeria iraingarriak harilkatze arbitrario hari.

Edozein serorari zor zaion ospe eta begirunez ordenadorearen erraietan utziko ditut han barreiatu ziren hainbat eta hainbat zirto eta ditxo anker bezain lotsagarriak.

Beti denen barregarri tximuarena egin ohi zuen txaldan komiko ustekoaren ergelkeriak borobildu zuen sor Pastoraren traslado enigmatikoa.

Sor Pastorak bazuen moja-komunitatean guztiz kontrako irudia ematen zuen ahizpa, sor Pura galiziarra, sukaldeko moja arduradun pairamentsua.

Oso garaia, ehun kilo ondotxo pasea, (...)